Pasa den asteazkenenan, otsailaren 25ean, Bilbon dagoen Erresuma Batuko kontsulatura joan ginen. Bertan, Derek Doyle kontsularekin eta Maria Fitzpatrick laguntzailearekin hitz egiteko aukera izan genuen. Bulegoaren bisitaren ostean, batzar gelan izan genuen solasaldia. Lehenik eta behin, Erresuma Batuari buruz genituen ikuspuntuak alderatu genituen. Horren ostean, euren lanari eta zereginei buruz aritu ginen, Nazioarteko Harremanetan gehiago zentratuta. Euren lanerako beharrezkoa den profil profesionala landu genuen lehenik, hizkuntzak eta sektoreetan izan behar diren kontaktuak (networking). Ondoren, nazioarteko merkataritzari buruz hitz egin genuen, Euskadi eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza harremanei buruz eta lanaren aspektu desberdinei buruz.
Arratsaldean euren lana bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen. Eusko Jaurlaritzako SPRI erakundeko langile batekin aritu ginen, euskal industriak nazioartean duen promozioari buruz batez ere. Horren ostean, datorren hilerako proiektu baten plangintzaren prestaketa ikusteko aukera izan genuen.
Oso esperientzia aberasgarria izan zen guretzat, aspektu askotan. Lehenik eta behin, gure etorkizuna argitzeko pistak eman zizkigun, lana argitzeko oso erabilgarria izan baita. Horrez gain, gure lanerako garrantzitsuak diren kontaktuak lortzeko batzar garrantzitsua izan da, gure "network"-a saretzen joateko. Beraz, orokorrean oso esperientzia aberasgarria izan da eta izugarri ikasi dugu.
Mikel Pascual eta Araitz Peña
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina